EBANGELIOA
Joan 6,51-58
Neu naiz zerutik jaitsia den ogi bizia; ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du. Eta nik emanen dudan ogia nire gorputza da, mundua bizi dadin emana”.
Hitz hauek eztabaida gogorra sortu zuten entzuleen artean. Honela zioten:
‑Nola eman diezaguke honek bere gorputza jaten?
Jesusek esan zien:
-Bene‑benetan diotsuet: Gizonaren Semearen gorputza jaten eta haren odola edaten ez baduzue, ez duzue bizirik izango zeuengan. Nire gorputza jaten eta nire odola edaten duenak betiko bizia du, eta neuk piztuko dut azken egunean. Zeren nire gorputza benetako janari baita, eta nire odola benetako edari. Nire gorputza jaten eta nire odola edaten duena nirekin bat eginda dago, eta ni berarekin. Bizia duen Aitak bidali ninduen eta hari esker dut nik bizia; halaxe, ni jaten nauenak ere niri esker izango du bizia. Hau da zerutik jaitsi den ogia; ez da zuen gurasoek jan zutena bezalakoa, haiek hil egin baitziren; ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du.
HOMILIA
GOSE IZATEA DA GARRANTZIZKOA
Jose Antonio Pagola
Jose Antonio Pagola
Joan ebanjelariak oso hizkuntza gogorraz baliatu da, Jesu Kristorekiko batasuna janaritu beharra dugula azpimarratzeko. Horrela bakarrik sumatuko dugu hura gure baitan bizi dela. Joanen arabera, ezinbestekoa da Jesus jatea: «Ni jango nauena nire bidez biziko da».
Hizkuntza, ordea, are bortitzagoa bihurtu da, Jesusen haragia jan eta haren odola edan behar dela dioenean. Gordin-gordina da testua: «Nire haragia benetako janaria da, eta nire odola benetako edaria. Nire haragia jaten eta nire odola edaten duena nire baitan bizi da eta ni haren baitan».
Baina hizkuntza honek ez du jada inolako zirrararik eragiten kristauen artean. Haurtzarotik entzuten ohituak garelarik, lehen jaunartzetik egiten ari garenari loturik bizitzen jarraitzeko joera dugu. Denok ezagutzen dugu kristau-ikasbidean ikasitakoa: jaunartzeko unean, Kristo presente gertatzen da gugan eukaristia-sakramentuko grazia dela medio.
Zoritxarrez, honetara muga daiteke guztia behin baino gehiagotan: otoitz-giroan pentsatu eta onartutako dotrinara. Baina, sarritan, hauxe falta zaigu: Kristo geure bizitza konkretuan haragitzearen esperientzia. Ez dakigu nola ireki geure barrua hari, bere Espirituaz gure bizitza janaritu dezan eta gizatarrago eta ebanjelioaren araberakoago eginez joan dadin.
Ogi sagaratua hartzeko, sakramentu-erritua betetzera erdi-oharkabean joatea baino zerbait gehiago da Kristo jate hori. Kristorekin bat egite horrek fede-egintza eskatzen du eta indar bereziko irekitasuna, batez ere sakramentuz jaunartzean bizi beharrekoa, baina baita Jesusekiko bizi-harremanetako beste esperientzia batzuetan ere.
Jesusen gose izatea da garrantzizkoa. Sakon-sakonetik harekin topo egin nahi izatea. Haren egiari geure barrua irekitzea, bere Espirituaz markatu gaitzan eta gugan den alderik hobena indartu dezan. Oraino ebanjelizatu gabe diren gure bizitzako aldeak argitu eta eraldatu ditzan uztea.
Orduan, Ebanjelioaren alderik egiazkoenera, xumeenera eta benetakoenera itzultzea izango da Jesus janaritzetzat hartze hori: haren jarrerarik oinarrizkoenak eta funtsezkoenak baitaratuko ditugu; harekin bizitzearen sena piztuko da gugan; geure ikasle- eta jarraitzaile-kontzientzia piztuko zaigu, hura geure bizitzako zilbor bihurtzeko. Jesusez janaritzen den kristaurik ez bada, gogogabeturik gertatuko da Eliza, erremediorik gabe.
No hay comentarios:
Publicar un comentario