EBANGELIOA
Joan 6,41-51
Orduan, marmarka hasi ziren entzuleak, “Neu naiz zerutik jaitsiriko ogia” esan zuelako, eta zioten: Ez da, bada, hau Jesus, Joseren semea? Ez ditugu, bada, ezagunak honen aitamak? Nola dio, orain, zerutik jaitsia dela?
Jesusek ihardetsi zien: Ez ari marmarka zeuen artean. Ezin da inor niregana hurbildu, bidali nauen Aitak erakartzen ez badu; eta neuk piztuko dut azken egunean. Honela esaten da profeten liburuan: Jainkoaren ikasle izango dira denak. Aitari entzun eta hark irakatsia bereganatzen duena niregana hurbiltzen da. Horrek ez du esan nahi inork Aita ikusi duenik; Jainkoarengandik etorri denak bakarrik ikusi du Aita. “Bene‑benetan diotsuet: Sinesten duenak* betiko bizia du. Neu naiz bizia ematen duen ogia. Zuen gurasoek mana jan zuten basamortuan eta, halere, hil egin ziren. Bestelakoa da zerutik jaisten den ogia: beronetatik jaten duena ez da hilko. Neu naiz zerutik jaitsia den ogi bizia; ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du. Eta nik emanen dudan ogia nire gorputza da, mundua bizi dadin emana”.
HOMILIA
JESUS ERAKARGARRI
Jose Antonio Pagola
Jose Antonio Pagola
Joan ebanjelariak behin eta berriz errepikatzen ditu indar handia duten esapideak eta irudiak, kristau-elkarteei buruan sartzeko, ezen Jesusengana hurbildu beharra dutela, hura bizi berriaren iturri dela aurkitu nahi badute. Bizi-arnasa da Jesus, lehenago ezagutu izan duten ezerekin konpara ez daitekeen modukoa.
«Zerutik jaitsi den ogia» da Jesus. Ez da beste inolako bizi-iturrirekin nahastekoa. Jesu Kristogan, janaritzat, indarra, argia, esperantza, bizi-hatsa... aurki genitzake, Jainkoaren beraren, biziaren Kreatzailearen beraren, misterioari darienak. «Biziaren ogia» da Jesus.
Horregatik, hain juxtu, ezin topo egin dugu harekin edozein eratan. Geure izatearen hondoraino jo beharra dugu, geure burua Jainkoari ireki beharra eta «Aitak zer dioskun entzun beharra». Ezin senti dezake inork Jesusen erakargarritasuna, «hura bidali duen Aitak erakartzen ez badu».
Jesusen baitan gehienik erakartzen duena, bizia ematen duen ahala da. Jesu Kristogan sinetsi eta harekin harremanetan hasteko gai denak: bizi desberdina ezagutzen du halakoak, nolakotasun berrikoa, hein batean dagoenako Jainkoaren mundukoa den bizia. Hau esatera ausartu da Joan: «ogi honetatik jango duena betiko biziko da».
Geure kristau-elkarteetan, Jesusekiko harremanez elikatzen ez bagara, kristautasunak duen gauzarik funtsezkoena eta erabakitzaileena ezagutu gabe jarraituko dugu. Hargatik, pastoralki ez da gauza premiazkoagorik Jesu Kristorekiko geure harremanak zaintzea baino.
Baldin eta, Elizan, hain gizatarra, hain hurbila eta bihozkoia den gizon horrengan haragitu den Jainkoaren erakargarritasuna sentitzen ez badugu, inork ez gaitu libratuko, eskuarki gertatzen zaigun bezala, erdipurdi bizitzetik. Inork ez digu eragingo geure erakundeek arautua dutena baino harago joatera. Inork ez digu bizi-izerdiz blaituko, geure tradizioek zedarritu digutena baino aurrerago joan ahal izateko.Bere Espirituaren sorgarritasunaz Jesusek janaritzen ez bagaitu, iraganari loturik jarraituko dugu; geureak ez diren beste aro batzuetan eta beste aro batzuetarako jaioak eta garatuak diren moldeetan, ikusmoldeetan eta sentieran hesiturik «biziko» dugu geure erlijioa. Baina, orduan, ezin izango gara Jesusen lankide gaur egungo gizon-emakumeen bihotzean fedea piztu eta janaritzeko.