martes, 28 de julio de 2009

Urteko 18. Igandea (B)

2009ko abuztuaren 2a

EBANGELIOA
Joan 6,24-35
Jesus eta ikasleak han ez zeudela konturatzean, jendea txalupetara igo eta Kafarnaumera joan zen, Jesusen bila. Aintziraz bestaldean aurkitu eta esan zioten: Maisu, noiz etorri zara hona?
Jesusek erantzun zien: Bene‑benetan diotsuet: Nire bila zabiltzate, ez ikusi dituzuen mirarizko seinaleengatik, ogia asetzeraino jan duzuelako baizik. Ahalegin zaitezte, ez galtzen den janariagatik, baizik eta irauten eta betiko bizia ematen duen janariagatik; hori Gizonaren Semeak emango dizue, Jainko Aitak bere aginpidearen ordezkari egin duenak.
Orduan, galdetu zioten: Zer egin behar dugu Jainkoak nahi duena egiteko?
Jesusek erantzun zien: Hauxe da Jainkoak nahi duena: berak bidali duenarengan zuek sinestea.
Galdetu zioten, orduan: Zer seinale ematen diguzu, bada, guk ikusi eta zuri sinesteko? Zer egiten duzu? Gure arbasoek mana jan zuten basamortuan, Liburu Santuak dioen bezala: Zeruko ogia eman zien jaten.
Jesusek erantzun zien: Bene‑benetan diotsuet: Ez zizuen Moisesek eman zeruko ogia, baizik eta nire Aitak ematen dizue zeruko egiazko ogia. Zeren Jainkoaren ogia, zerutik jaitsi eta munduari bizia ematen diona da.
Orduan, eskatu zioten: Jauna, emaguzu beti ogi horretatik.
Jesusek erantzun zien: Neu naiz bizia ematen duen ogia*; niregana hurbiltzen dena ez da, ez, sekula gose izango, eta niregan sinesten duena ez da behin ere egarri izango.
-
HOMILIA
-
KRISTAUTASUNAREN BIHOTZA
Jose Antonio Pagola
-
Jesusen premia du jendeak, eta haren bila dabil. Badu hark jendea erakartzen duen zerbait; artean, ordea, ez daki zehazki zergatik eta zertarako dabilen Jesusen bila. Ebanjelariaren arabera, bezperan gosea asetzeko ogia eman dielako dabil bila haietako asko.
Haiekin hizketan hasi da Jesus. Badira hastetik argitzea komeni den gauzak. Ogi materiala oso garrantzitsua da. Jesusek berak irakatsi die Jainkoari eskatzen «eguneroko ogia» guztientzat. Alabaina, gizakiak badu beste behar bat ere. Eta bizi-gosea betiko aseko dien jatekoa eskaini nahi Jesusek.
Jendeak sumatu du, ezen Jesusek horizonte berri bat ireki nahi diola, baina ez daki ez zer egin, eta nondik nora hasi. Ebanjelariak hitz hauekin laburbildu ditu jendearen galdekizunak: «eta zein egintza behar ditugu burutu Jainkoak nahi duen harian lan egiteko?» Bada jende horrengan asmatzeko zinezko gogo bat. Jainkoak gura duen hartan lan egin nahi du; baina, dena legearen argitan pentsatzera ohitua dagoelarik, Jesusi galdetzen dio zein egintza, zein jarduera eta zein betekizun izan behar dituen kontuan.
Jesusen erantzunak kristautasunaren bihotza ukitzen du: «hau da Jainkoak nahi duen egintza (singularrean): sinets dezazuela berak bidali duen harengan». Jesu Kristogan sinets dezaten nahi du Jainkoak, hura baita berak (Jainkoak) mundura bidali duen erregalu handia. Hauxe da eskakizun berria. Horretan behar dute lan egin. Gainerakoa bigarren mailakoa da.
Kristautasunean hogei mende bizi ondoren, ez ote gara berraurkitu beharrean, ezen Elizaren indar guztia eta berezitasuna Jesu Kristogan sinestea dela eta harri jarraitzea? Ez ote gara «sineskizun» eta «betekizun» batzuen erlijiozaleen jarrera gainditu eta Jesusen ikasle bezala bizitzeari ekin beharrean?
Kristau-fedea ez datza, funtsean, jarduera eta betekizun berri batzuen kodea, itun zaharrekoena baino goragokoa, betez bizitzean. Ez. Kristau-nortasuna Jesu Kristorekiko harreman bizi eta konfiantzazkotik datorren biziera bizitzen ikastea da. Jesusek bezala pentsatzen, sentitzen, maitatzen, sufritzen eta bizitzen ikasten goazen neurrian goaz kristau bihurtzen.Kristau izateak, gaur, Jesusen esperientzia izatea eskatzen du, haren egitasmoarekin bat egitea; duela hogei urte betetzaile on izateak eskatzen ez zuen moduan eskatzen du hori gaur egun. Gizarte laiko honetan biziari eutsi ahal izateko, kristau-elkarteek inoiz ez bezala zaindu behar dituzte Jesu Kristorekiko atxikimendua eta bizi-harremanak.